Itxialdiak

Azaroaren 26an, EAEko ikastoletako langileok itxialdiak burutu genituen, "Hezkuntza saila, Akordio Laborala bete!" lemapean. Arnas luzeko borroka izango den honetan, inflexio puntua izan zela deritzogu.

Gipuzkoan, 33 ikastoletatik 16 ikastolak egin genuen itxialdia (31etan egin ziren modu bateko edo besteko ekimenak). Tolosaldean; Billabona, Irura, Anoeta, Ibarra eta Tolosako ikastolok bat egin genuen deialdiarekin. 

Laskoraineko langile komitetik, ekimenaren balorazio positiboa egiten dugu. Arratsaldean, Dama Berdeko biribilgunean eskualdeko ikastoletako 200 langile baina gehiago batu ginen. Jarraian, 30 langile inguru elkartu ginen Sakramentinoetako tertulian. Bertan HH, LH, BH, adimistrazioko eta zerbitzuetako lankideok bizi dugun egoeraren aurrean ditugun kezkak partekatu genituen, solasaldi sakon eta aberasgarrian. Honen ostean, afariaz gozatzeko unea heldu zen, giro paregabean. Eguna behar bezala zukututa, Sakramentinoetako egurrezko eraikin goxoan atseden hartzeko tenorea iritsi zen. Hurrengo goizean, borroka deialdiari amaiera emateko, lanera sartu aurretik kontzentrazioak egin genituen, Usabal eta Sakramentinoetan.

Aurrerantzean ere izango dugu gure eskubideak aldarrikatu eta ikastolako langile zein ikasle guztientzat onuragarria izango den homologazioaren alde lan egiteko aukera. Hezkuntza komunitate osoa deitu nahi dugu elkartasunetik eta elkar zaintzatik ikastolen etorkizuna bermatu dezakeen bide hau jorratzera.

Laskorain Ikastolako langileen komitea