Abenduak 3
Gure hizkuntza bizirik eta indartsu mantentzea guztion ardura da, eta horretarako eguneroko pauso txikiez gain, ospakizun eta aldarrikapen egunak ere ezinbestekoak dira. Abenduaren 3a ez da soilik festa eguna, euskararen aldeko konpromisoa berritzeko aukera ederra ere bada.
Beraz, Laskorain Ikastola ekintzez beteta izango da datozen egunetan:
Abenduaren 2an, goizean, DBHko antzerkiko ikasleen eta abesbatzaren eskutik, Ikastolako gazteenak, Elosegi parkera joango dira. Bertan, Argitxoren ibilaldi antzeztua ikusteko aukera izango dute.
Abenduaren 3an, ospakizun handi batekin jarraituko dugu:
Festa giroa izango dugu nagusi, horregatik DBHko ikasleak ipuin kontalari bihurtuko dira, Laskotxaranga gure artean izango dugu…
Euskararen Eguna dela eta, kantujira berezia antolatu dugu herrian zehar. Azken asteetan, adin guztietako ikasleek hiru abesti prestatu dituzte: “Guk euskaraz, zuk zergatik ez?”, “Behin betiko” eta “Euskal Herrian euskaraz”.
Abenduaren 3an, 11:00etan, ikasleak adinka eta taldeka banatuko dira herriko hainbat gunetan eta bertan hiru abestiak abestuko dituzte. Ekimen honen bidez, ikastolak eskerrak eman nahi dizkie herriko erakunde, talde eta elkarteei euskararen alde egiten duten lanagatik.
Parte-hartzaileak ondoko guneetan elkartuko dira: EPA (HH3), Iurramendi (HH4 eta BATX2), Uzturre (HH5 eta BATX2), Plaza Zaharra (LH3 eta DBH4), Apeaderoa (LH1 eta BATX1), Plaza Berria (LH2 eta BATX1), Berdura Plaza (LH4 eta DBH3), Jubilatuen Elkartea (LH5 eta DBH2) eta Euskal Herria Plaza (LH6 eta DBH1).
Ondoren, 11:30ean, ikasle guztiak Triangeluan elkartuko dira txarangarekin batera abestiak berriro kantatzeko eta herriari eskerrak helarazteko. Familiak ere gonbidatuta zaudete kantujiran parte hartzera; Kantujiran ibiltzeko, bai familiei, bai ikasleei Argitxoren kolorea (berdea) edo ikastolako jertsea ekartzea proposatzen dizuegu.
Eguna amaitzeko, 17:00etatik aurrera bingo musikatua egingo da Sakramentinoetako jolastokian ikastolako familia guztientzat. Bingoak 1 euroko kostua izango du. Jolasean ari garen bitartean txokolatea banatuko da. Irabazleak Errigorako saria jasoko du.




