Belaunaldien arteko zubiak
Belaunaldien arteko zubiak: gure ikasleak zahar egoitzan
Gure ikastolako HH4 eta LH2ko ikasleek astero Iurramendiko zahar egoitzara bisita egiten dute, ilusioz beteta irteten dira ikastolatik, adinekoekin partekatzeko prest. Bisita hauen helburu nagusia belaunaldien arteko harremanak sendotzea da, elkarrengandik ikasteko eta elkar aberasteko espazio bat sortuz.
Egoitzan, haurrek eta adinekoek hainbat jarduera egiten dituzte elkarrekin: bingoan jolastu, marrazkiak margotu, abestiak kantatu, edota eskulan txikiak egin. Haurrek euren freskotasuna, poza eta jakin-mina ekartzen dute; eta adinekoek, berriz, esperientzia, pazientzia eta maitasuna eskaintzen diete.
Ekimen honek, ikuspegi pedagogikotik haratago, hezkuntza afektiboan eta balioen garapenean sakontzen du. Haurrek, modu naturalean, errespetua, enpatia, entzute aktiboa eta zaintza bezalako balioak ikasten dituzte. Era berean, adinekoentzat oso bereziak eta pozgarriak izaten dira bisita hauek: asteko unerik atseginenetako bat bihurtu da askorentzat.
Ekintza hau gure ikastolaren proiektu hezitzailearen parte da, komunitatearekiko konpromisoa eta gizartearekiko lotura sustatzeko helburua duena.