Euskaraldia Laskorainen

Maiatzaren 15etik 25era ospatu da Euskaraldiaren aurtengo edizioa, eta Laskorain Ikastolan ere gogoz parte hartu dugu, bai aurretik, bai egitasmoa martxan zegoen bitartean. Euskararen erabilera sustatzeko eta ohiturak aldatzeko helburua duen ariketa sozial honek, beste behin, gure komunitatea aktibatu du, elkarlana eta konpromisoa oinarri hartuta.

Euskaraldia hasi aurretik, izen-emateak bultzatzeko ekimenak jarri genituen martxan, baita Sakramentinoetako gunean informazio-mahai bat ere, familien parte-hartzea sustatzeko.

Euskaraldian zehar, ikasle eta irakasleek hainbat jarduera partekatu dituzte. DBH 4ko ikasleek Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako txikienei lagundu zieten “Xaxatzaile” txapak egiten, belaunaldi arteko elkarlana eta motibazioa sustatuz. Gainera, LHko ikasleek Euskaraldiaren aurtengo abestiarekin dantza egin zuten kalean, eskualdeko beste ikastetxeekin batera, jai giroa eta indarra partekatuz.

DBHko ikasleekin “Klik” bereziak egin ditugu goizero, gure hizkuntza-ohiturez hausnartzeko eta egunerokoan euskaraz bizitzeko pauso berriak emateko.

Euskaraldia amaitu bada ere, guk bideari jarraipena emango diogu. Euskararen erabilera areagotzeko konpromisoan sinesten dugu, eta horretarako lanean jarraituko dugu. Elkar mugituz, elkarrekin egingo dugu.