Eta behin ematen diogunean, zer?
Altxa Burua Guraso Ekimenekoek ondorengo hitzordua jarri dute datorren asterako.
Askok jakingo duzuenez, Altxa Burua Tolosako 3 ikastetxeetako guraso batzuk osatzen dugu eta gure helburu nagusia, pantailen erabileraren inguruko hausnarketa bultzatzea da eta erabilera egoki baterako bidea egitea (bai gurasook, bai gure seme-alabek).
Hau lortze aldera, dagoeneko hainbat ekimen burutu ditugu: gai honen inguruko kezkak biltzeko kafe tertulia, adituekin hitzaldiak, bideoak, konpromiso bilketak... Eta hurrengoa, datozen egunotan burutzera goaz. “Eta behin ematen diogunean, zer?” izenburupean, gure seme-alaben eskuetara pantailak iristen direnean (izan mugikorra, tableta zein chromebooka) zaindu beharrekoak iruditzen zaizkigun 10 puntuko dekalogoa osatu nahi dugu gurasoon artean.
Izan ere, seme-alaben pantailaren erabilera desegokiak sortzen digun kezka orokorra da eta familia barruan, gai honen kudeaketa, orohar, zaila izan ohi da. Hau dela eta, garrantzia handikoa deritzogu dekalogo hau taldean osatzeari, irizpide amankomun batzuk zehaztuz eta indarrak metatuz.
Beraz, egoera honetan bazaude edo laster badatorkizu, datorren asteartean, martxoaren 14an, Sakramentinoetan elkartuko gara 17:30etik 19:00etara.