Batxilerreko ikasleak

Errumanian dabiltza egunotan Laskoraingo batxilerreko bost ikasle eta bi irakasle, Erasmus + programako "Remembering the Past for a Common Future" truke proiektuan parte hartzen.

Duela bi urte, Europan jazotako giza eskubideen urraketen inguruko lanketa xede duen programa abiatu genuenetik, bosgarren bidaia da dagoeneko. Ordutik, Flandrian, Polonian, Alemanian, Noruegan eta orain Errumanian izan dira gure ikasleak, bertako ikasleen familien etxeetan.

Iraganean Europan gertaturiko giza eskubideen urraketak ezagutzearekin batera, gure kontinenteko gazte ezberdinen arteko loturak estutzea du helburu proiektuak. Horregatik, historiari buruzko tailerrak eta hitzaldiak, elkar ezagutza eta izotz hauste jolasekin uztartzen
ari dira egunotan gure ikastolako ikasleak. Euskal dantza ikastaro inprobisatua ere burutu zuten bart, jakin dugunez.

Honela, martxoan Tolosan lurrartuko duen egitasmo honek, Itsaso Beltzaren atarira eraman ditu Laskoraingo Batxilerreko lehen urteko gazteak. Bertan dabiltza egunotan, Ceausescuren erregimenak lurraldean utzi zuen aztarna beltzaren inguruan lanketa ezberdinak eginez, elur maluta artean, ekialdeko haize izoztua bidelagun.