Hitza doinu

DBH 2ko ikasleek Yolanda Arrieta haur eta gazte literaturgilearen bisita izan zuten, pasa den ostiralean, Kultura Eskola egitasmoaren baitan. Proiektu honek, besteak beste, nerabeen artean euskal kultur sortzaileen ikusgarritasuna eta erreferentzialtasuna bultzatzea du helburu, Euskal Herriko ikastetxe ezberdinetan 12-16 urte arteko ikasleen eta kulturgileen arteko topaketak antolatuz. Iaz abian jarri zen egitasmo honetan hasieratik dugu Laskorain ikastola, eta oraingoan DBH 2koen txanda izan da.

Yolanda Arrieta Malaxetxebarria ipuin idazlearekin “NItik GUra” izeneko literatura eta musika uztartzen dituen tailerra gauzatu genuen. Bertan, ikasleek aurretiaz landutakoak oholtza gainean aurkeztu zituzten, Etxebarrian jaio baina aspaldidanik Usurbilen bizi den idazlearen gidaritzapean. Ikasleak esperientziaren protagonista bihurtu zituen, beraz, Yolandak: ikasleek errezitaldi musikatuak egin zituzten, bere liburuetan agertzen diren (eta aurretik ikasgeletan landu zituzten) pasarteak irakurriz. Irakurleekin batera oholtzaratu ziren musikariak, hauek ere DBH 2ko ikasleak, noski, eta errezitatzea zegokion ikaslearen hitzei doinua jarri zieten, eurek aukeraturiko abestiak joaz.

Giro zinez berezia sortu zuten gure ikasleek, Yolandaren gidaritza finaren babesean. Ez-ohikoa baita 13-14 urteko ikasleentzat mikrofono baten aurrean jarri eta musikarien alboan testuak errezitatzea. Taldeka igo ziren tablatura, Yolanda beti lagun, hark gure gaztetxoen urduritasunak, beldurrak eta ezinak uneoro baretu eta kudeatu zituen bitartean, errezitatzaile on batek testuari eman beharreko doinua eta jarreraren inguruan gomendioak egiten zizkien, horrelako ekintza sortzaile batek ezinbestean behar duen konfiantzazko giro atsegina sortuaz. Honela, “Badira hiru aste”, “ Yesterday” edota “Ilargia” bezalako abesti ederren doinupean (pianoaz, kitarraz, zeharkako flautaz, tronboiez edo biolinaz osatuak) Laskoraingo DBH 2ko gaztetxoek errezitaldi musikatuak egin zituzten.

Amaieran, gustora egindako lanarekin eta esperientzia berri bat poltsikoraturik, asebeteturik heldu zioten asteburuari, ikasleek, irakasleek eta Yolanda Arrieta berak. Zein garrantzitsuak horrelako ekimenak, gure gaztetxoen artean sortzailetasuna eta kultur zaletasuna bultzatzeko. Ez da zorionez, azkena izango!