Asteburu pasa
Aretten izan gara asteburu pasa Laskorain Ikastolako DBH osoko 100 ikasle inguru, eta hauekin batera bidelagun bertako irakasle zein Kazkabarra aisialdi taldeko begiraleak.
Azken egunetako elurteak lagun, larunbatean zein igandean San Martingo Harritik gertu dauden pistez gozatzeko aukera paregabea izan genuen, elur lodiz eta eguzki printz argitsuz zipriztinduriko giro ederrarekin.
Larunbatetik iganderako gaua Mauleko aterpetxean igaro genuen. Bertan Ikastolen Elkarteko hainbat monitorek antolaturiko otordu goxoez eta gaubela dibertigarriez gozatzeko aukera izan zen. Asmakizun, froga, jolas eta dantza ezberdinetan murgildu ginen afalostean. Hau amaitzean, hurrengo egunerako beharko genuen energia berreskuratzeko ahaleginari ekin genion.Etxetik kanpo, lagun artean, elkarrekin gaua igarotzeak dakarren zirrara bidaide.
Igandean, berriz ere goiza Ikastolen elkarteko monitorekin batera eta arratsaldean Ikastolako arduradunekin eskiatu ondoren, etxerako bidea hartu genuen. Pozik eta alai, autobusean oraindik egon zen indarrik kantu eta konturako. Azken unerarte hurrengo egunean zetorkigun asteleheneko nagirik ez zitzaigun somatzen, ezta irakasleok ordurako genuen nekearen zantzurik ere.
Autobusa 21:00ak aldera Tolosara Iritsi zen, eta hantxe gure zain familiak, kontakizak entzuteko irrikitan. Bikaina izan da esperientzia, betirako kontatu eta gordeko dituzten pasarteez betetakoa.