Txikipedia

Euskal Herriko 26 ikastoletako  DBH1 eta 2. mailako ikasleek, horien artean Laskorain Ikastolakoek,  Txikipedia: '300 baietz!' erronkaren hirugarren ekitaldian parte hartuko dute 2023ko lehen hiruhilekoan. Klima aldaketa, buru osasuna, emakume kirolariak eta Euskal Herria lantzea proposatu zaie ikasleei, eta gai horiek hartuta denen artean hirurehun sarrera berri publikatzea Txikipedian

Euskal Wikilariak kultur elkarteak eta Ikastolen Elkarteak elkarlanean egindako ekimena da interneten euskarazko edukiak gehitzeko helburuarekin. Lankidetza honen aterkipean egindako hirugarren ekimena da, urtez urte langa zertxobait igota egin dutena. Hasi berri den urteko lehen hiru hilabeteetan Txikipedian 300 sarrera berri sortzea da asmoa.

Proiektuaren bitartez ikasleek gizon eta emakumeei buruzko artikulu kopuruaren artean dagoen arrakala ezagutzea, gaiaz sentsibilizatzea eta egoera aldatzeko ezinbesteko eragile izatea eta konpetentzia digitala lantzea nahi da. Gainera euskarak sarean bizi duen egoera ezagutzea bilatuko da.

Erronkara 26 ikastola batu gara, horien artean Laskorain Ikastola. Ikastola bakoitzera bertaratuko dira dinamikaren sustatzaileak ikasleei erronka aurkezteko. Gero, dinamizatzaileen eskutik proposatutako gaiak jorratuko dituzte eta landutakoarekin sarrera berriak sortu. Prozesua errazteko asmoz eta ikasleekin tutoretza lana egiteko, txantiloiak eta ereduak emango zaizkie, baita aukeratutako gaiaren edo pertsonaiari buruzko informazioa, jada argitaratu diren artikuluak zein biografiak.

Azken pausu modura, Txikipedian argitaratuko dute landutako testua. Amaierako pausu honetan artikulua publikatzeko baldintzak errepasatuko dira ikasleek gunea ezagutu dezaten. Hau da, edizioa landuko dute.

Txikipedia gunea elikatzeko erronkaren aurreko bi edizioetako emaitzekin oso pozik azaldu da Ikastolen Elkartea. Jakinarazi dituen datuen arabera lehen ekimenean parte hartu zuten 18 ikastoletako 50 taldek 250 artikulu argitaratu zituzten eta azken ekitaldian20 ikastolatako 55 talde inguruk 300 artikulu idatzi zituzten.