Santa Zezilia

Asteartean, Santa Zezilia, musikarien eguna ospatu genuen Ikastolan. 

LH 3-4. mailetako ikasleek, DBH1eko ukelele taldearen emanaldiaz gozatzeko aukera izan zuten. Eskeini zizkiguten abestiak: 'Lau teilatu', 'Tutira mai', 'Nora', 'Zurekin batera' eta 'Paris' izan ziren. Ukelele joleak primeran aritu ziren eta ikustera joandako ikasleak, beraiekin batera abestera ere animatu ziren abesti batzuetan.

LH 5-6. mailetako ikasleek berriz, Sergio Villar eta Ander Zubillaga gitarra joleen emanaldiaz gozatu zuten. 'Bidaia musikan zehar' izenburuarekin, denboran zehar sortzen joan diren musika estilo ezberdinak jo eta abestu zituzten, eta ikasleek estilo horien sorreraren nondik norakoak ezagutu zituzten. Baita musika estilo hauek Euskal musikara nola iritsi ziren ere. Ikasleek, beraien galderekin eta  ekarpenekin, bidaia honetan parte hartzeko aukera izan zuten. Plazer bat izan zen Sergio eta Anderren gitarren doinuak eta kantuak zuzenean entzun ahal izatea!

DBH 1. eta 2. mailako neska-mutilek kantuan ospatu zuten "Musika eguna". Ederki baliatu zuten abeslari rolean sartu eta, mikrofonoa eskuan, oholtzara igotzeko aukera. Irudiek erakusten duten moduan, festa giro paregabea izan genuen, guztiok kantuan eta dantzan, ikasle zein irakasle. Eta noski, Euskaraldi betean, mihiari EUSKARAZ eraginez!

Aldi berean, DBH 3. eta 4. mailako ikasleek Mihise rock taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera izan zuten, aurten estreinatu dugun patioaren estalpearen babesean. Saio berezia eskaini zigun Usurbilgo hirukoteak, euskal musikaren historia ardatz harturik, eurak gehien markatu dituzten euskal abestiak jo zituzten, rock formatuan. Musikariek bizipen pertsonalak eta Mikel Laboa, Niko Etxart, Ruper Ordorika, Hertzainak edota Negu Gorriaken abestiak tartekatu zituzten, Laskoraingo ikasleen gozamenerako.