Ikasbidairako dirua

Lehenik eta behin, aurkeztu egingo gatzaizkizue. Tolosako Laskorain Ikastolan aritzen gara, eta aurten Batxilergoko lehenengo maila burutu berri dugu. Pandemiak baldintzatutako egoera dela eta, zailtasunak izan ditugu normaltasunean egingo liratekeen ekintza ezberdinak aurrera eramateko; besteak beste, iaz egin behar genuen ikasbidaia.

Izurritearen amaierarengan genuen fedea, oso zaila zirudien arren, hainbeste desiratzen genuen bidaia hori egingo genuela uste genuen. Hasiera batean ez genuen oso argi ikusi, baina ikaskide batzuk elkartu eta ideiak botatzen joan ginen. Arruntak bezain ohikoak ziruditen jertse batzuk diseinatzea erabaki genuen, ezer berritzailerik ez.

Digitalean marrazten aditua da Ainhoa Altuna, eta proposamen batzuk sortu zituen. Ainhoak duen talentuarekin nahiko lan zaila izan zen bat hautatzea; izan ere, marrazki bat, gero bestea, diseinu erabat ezberdinekin… proposatu zizkigun. Azkenean, udako olatu bat iruditu zitzaigun egokiena, egin nahi genuen bidaiarekin gehien identifikatzen genuena zelakoan.

Orduan ekin genion hurrengo faseari. Ikastolako langile den Anaje Urkolarengana jo genuen. Aurreko urteetan ere laguntzen ibili baitzen, ea zer gomendio eman ziezagukeen edo nola hasi gintezkeen jakin nahi genuen. Hark jertseen katalogoa erakutsi zigun, hainbat eta hainbat kolore. Hiruzpalau kolore aukeratzekotan izan ginen, baina orduan otu zitzaion beste ikaskide bati ideiarik eroena: “Eta zergatik ez ditugu kolore guztiak aukeratzen?”.

Ez genekien ze marroietan sartzera gindoazen. Eta azkenean, hemezortzi kolore ezberdinetako jertseak egingo genituela erabaki genuen, neurri guztietan: 1-2 urtekoen neurritik hasi eta 3XL-raino. Uste dugu, merezi izan zuela erabaki hura hartzea. Gogoan dugu oraindik, lehenengo jertseak iritsi zirenekoa, hau poza. Gelaz gela ibili ginen erakusten, jendeak eros zitzan. Gustuko genuen saltsan genbiltzan, jende-ilarak erosketak egiteko, hainbat eta hainbat eskaera, baina gustatzen zitzaigun egiten genbiltzana.

Larunbat goiz batzuetan San Frantzisko elizaren parean azoka txiki batzuk antolatzeko aukera ere izan genuen. Musikarekin batera, gure salmeta herrira zabaltzeko.“ITXAROPENA EZ DUGU GALTZEN” lemapean jartzen genuen postua, ikasbidaia egiteko gogoz, ilusioz eta esperantzaz beterik geundela adierazteko.

Azkenean, ikasbidaiako datak hurbiltzen hasi ziren eta oso ilun ikusten genuen gure bidaia; ilusio, itxaropen, emozio eta gogo guztiak pikutara. Hurrengo urtean ikastolatik alde egingo zutenei agur esateko beste moduren bat bilatu beharrean ikusi ginen. Hala eta guztiz ere, ez ditugu inoiz ahaztuko, jertse horiek saltzeagatik bizi genituen momentu on eta txar guztiak, betirako geratuko zaizkigu oroitzapen eta anekdota horiek. Ekainean ur-ekintza desberdinak egin genituen Donostian eta guk egin nahi genuen bidaia ez izan arren, oso gustura ibili ginen.

Eta istorio polit honekin, dena horrela amaituko zelakoan geunden. Baina ez da horrela izan. Bidaia egin ez genuenez, moldatutako ekintzei esker lortutako irabazien kopurutxo bat soberan zegoela jakinarazi ziguten. Berehala ekin genion berriz ere saltsari: bileratxoak, ideia zaparradak, eztabaidak… Bagenekien, ordea, hasiera-hasieratik zertarako erabiliko genuen diru hori. Irabazi horiek Gobernuz Kanpoko Erakunderen batera bideratzea ikusi genuen egokiena eta ez genuen bilera askoren beharra izan nora eraman erabakitzeko. Ikaskide batzuok 2019ko elkartasun estropadan parte-hartu eta egun hartatik ezagutzen genuen Buru-Bihotzez elkartea, bertan sortutako irabaziak elkartera bideratu baikenituen.

Ikaskideekin adostu eta haiekin kontaktuan jarri ginen, haien elkartearen berri genuen, baina hainbat galdera genituen haiei galdetzeko; besteak beste, irakurtzen ari zaren artikulu honetan elkartearen deskribapena egiteko egokienak haiek zirelako.

Mertxek eta Izaskunek azaldu zigutenez, Buru-Bihotzez elkartea 2018. urtean sortu zuten, dementzia ezberdinak zituzten gaixoen senitartekoei bideratuta. Batetik, lehen pausua ematen laguntzea dute helburu. Haiek azaltzen zigutenez, pausua ematea zaila omen da, eta adorea eduki behar da norberaren sentipenak beste batzuei kontatzeko. Gainera, prozesuaren zatirik gogorrena dela ere gehitu zuten, onartze eta asimilazio hori delako traba gehien eragiten duena. Eta esan bezala, prozesu batean datza: lehenik onartzea eta ulertzea egokitzen da. Baina hori ere ez da lan samurra, inor ere ez baita gai zergatik niri galderari erantzuteko. “Zer egin dugu gaizki? Zergatik egokitu zaigu hau? Hau merezi al genuen?”. Azken finean ez dagoela norberaren esku ere azaldu ziguten.

Buru bihotzez Elkartetik Alzheimerrari “aurpegia” eman nahi diote  modu kolektiboan.Horregatik, Tolosaldean gaixotasun hori duten 600 familia baino gehiagorengana iritsi nahi dute.Urratsez urrats, gero eta gehiago dira bertara gerturatzen diren zaintzaileak. Haien arteko zaintzak bere biziko garrantzia dut eta horretan aritzen dira. Familia osatu dute, gaitz batek eraman du BuruBihotzez elkartea sortzera eta bihotzeko minak arintzeko zaintzailearen zaintza rola ere euren egitekoa da.

Guk beraz, xumeki, haien lana ezagutu eta  laguntzeko ahaleginetan, aurrez aipatu jertseen salmentatik lortutako dirua elkarteari ematea otu zitzaigun, eta zorionez, haiekin elkartu, ezagutu eta nolabaiteko partaidetzarako aukera probestu genuen. Belaunaldi berriok ere bai baitugu zereginik, eta bidaia hura egiterik izan ez bagenuen ere, Burubihotzez elkartearen bidaide izan nahi dugu aurrerantzean ere. Beraz,ikasketa bidaiarako jertseak erosi zenituzten guztiak zarete  ekimen honen partaide, zuen alea, zuen erosketaren dirua elkartera bideratu baita. Elkartasun keinua egin zenuten gurekin, eta keinua luzatu da herrira, elkartera, familietara. Herritik herrira.

Eskerrik asko guztioi!!! Mila esker, Burubihotzez!!

 

Oier Gastesi Tolosa eta Beñat Etxeberria Iturbe