Zuhaitz landaketa

Lehen Hezkuntzako 5.mailako ikasleek zuhaitz landaketan parte hartu dute, beraien irakasleek lagunduta, Tolosako Ingurumen Zentroak Udalarekin antolatutako ekimenean.

Hori dela eta, gorostiak eta erramuak landatu dira Amarotzeko basoan, natur eremu honen biodibertsitatea handituz. Bide batez, landare horiek babes-pantaila funtzioa betetzea lortuko da. Lan horretan Goroldi taldearen laguntza izan dute ikasleek.

Urtero egiten den zuhaitz landaketak, zuhaitzek gure ingurumenean duten garrantzia gogorarazteko helburua ere badu: klima aldaketaren abiadura moteltzen laguntzen dute, kutsadura gutxitzen dute eta herritarrak lasaitzeko eragin handia dute, adibidez.

Ekitaldi xume honen helburua, herritar gazteen artean naturaren aldeko ekintzak sustatzea, zuhaitz, baso eta berdeguneekiko heziketa eta sentsibilizazioa bultzatzea eta herriko egunerokotasunean partaidetza praktikan jartzea da. Ekimena, aurten Tolosaldeko ESKOLAKO AGENDA 2030 proiektuaren baitan herriko gazteek lantzen ari diren gaiarekin bat dator: Basoak.

Landaketa egin den basoa, haritz amerikarrez osatua dago eta bere inguruan, pinudi bat dago. 2020an hasi zituen Udalak eremua berreskuratzeko lanak. Gazte talde batekin antolatutako auzolandegian sastrakak kentzeko lanak burutu eta bideak egokitu ziren. Ondoren odonatuen (burruntziak eta sorgin orratzak) zein anfibioen mesederako eta inguruko biodibertsitatea areagotzeko asmoz, urmael bat sortu zen.

Gaur egun Basoeskola proiektua lantzeko erabiltzen da natur eremu hau eta egunero, haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako neska-mutilak gerturatzen dira naturan bizitzeko eta hezitzeko helburuarekin.

Baina ez dira hemen bukatuko baso hau berreskuratzeko lanak. Datozen egunetan beste hainbat ikastaldek landaketa gehiago egingo dituzte natur gune honetan baso eder bat sortzeko asmoz, espezie ezberdinetakoa aprobetxamendu didaktikorako eta tolosar guztien gozamenerako.

Bideoa