Tolosako lehen ikastolaren mendeurrena
Atzo omendu zuten "Tolosako lehen ikastola" Galtzaundi Euskara Taldea eta Tolosako Udalak. Hemen duzue Laskorain Ikastolak bertan, herriarekin partekatu zuen testua:
Pozgarri zaigu Tolosako lehen ikastolaren mendeurrena aintzat hartuta antolatu den ekitaldi honetan parte hartzea. XX. mendearen lehen laurden hartan gure herria euskaltzale handien seaska oparoa izan zen. Euskal Pizkundea izenez ezagutzen dugun garai hartan, herritar euskaltzaleak izan ziren HIZKUNTZA LARREKOA NAHI HAUNAT NORANAHIKOA Lizardiren amets hura esatetik izatera eraman zutenak eta baita gerora euskararen biziberritzean aintzindari, erreferente eta eragile den hezkuntza-eredua ideiatzea eta gauzatzea ekarri zutenak ere. Ikastola-eredua, hain zuzen ere, garai hartako euskaltzaleei zor diegu.
Mendean aurrera eginda, idorraldi latzaren ondotik etorri zen berriz ere 60ko hamarkadan euskaltzaleen Berpizkunde kementsua arlo askotan: kantagintzan, artean, hizkuntzaren corpusean ( euskara batuarekin); eta haien abaroan sortu ziren euskararen eta euskal kulturaren oihartzuna zabaldu zuten Euskal Herriko 7 lurraldeetan hedaturik, gaur, ezagutzen ditugun ikastola gehienak. Giro hartan eta tolosar euskaltzaleen erabakimenez jaio zen 67an gaur hona ekarri gaituen Laskorain ikastola bera ere.
Ondotik, Frankismoaren ondorengo loraldi politikoak ahalbidetu zuen, Jaurlaritzaren anparoan, 80ko hamarkadan euskal eskola bideratzea eta harekin batera euskaraz ikasteko aukera hedatzea, hezkuntza euskaldunaren aldeko politika abian jarrita. Ez litzateke bidegabea une honetan, Tolosako udaletxean elkartu garenon aurrean esatea, bakoitzak bere gunetik, gure belaunaldiak euskaldundu duela herri hau joan deneko mendi erdi pasean. Asko egin dugu, bistakoa da gure herria, euskararen biziberritzeari dagokionez, mugarri dela eta baita eredu ere gaur egun. Baina ez gaitezen engaina!
“Izena duen oro da” dio esaerak, euskalduntzeari dagokionez, ordea, nahiago genuke hala balitz beti. Jakitun gara guztiok urak handi ditugula hezkuntzan. Zeren euskal ezaugarria orori erantsita esan esaten baitugu, baina izan, izaten lanak dituela begibistakoa zaigu guztioi. Gaur eta bihar ikastolak eta eskolak, oro har, bere euskalduntze-zeregina betetzekotan (hori bada, beste askoren artean, lehenesten diogun egitekoa) egungo euskaltzaleon kemena eta gogoa ez ezik, etorkizunekoena ere beharko ditu eta, batik bat, hezkuntza-politika estrategiko egokiak, herria euskalduntzen aurreratuko badugu. Egiteko horretan ez gaude inor soberan. Laskorain ikastolan aspaldi hartu genuen pertsona euskaldun eta euskaltzaleak hezteko konpromisoa, horretan dihardugu eta horri eustekotan gara aurrerantzean ere, ezpairik gabe.
Ikastolak eta eskolak, oro har, tokian tokiko errealitate anitzari erantzungo badio, euskara erdigunean duten ekosistemak sortu eta elikatzeari eskaini beharko dizkio ahaleginak eta, horretan, hezkuntza-erakudeen, herri-erakundeen eta euskalgintza osoaren laguntza ezinbestekoa izango du. Tolosako euskaltzaleok XXI. mende hasiera honetan, duela 100 urte beteko testigua hartuta, landu behar genuke eredu bat zeinetan, bakoitzak dakienetik eta dezakeenetik, herria euskalduntzeari ekarpenik eraginkorrenak egingo dizkion.
Esan gazte euskaldun eleaniztunak hezi nahi ditugula diogu guztiok, eta gure gazteak izan badira eleaniztunak, datozenak ere halaxe izan daitezela desio dugu. Euskaldun izate horri dagokionez, ordea, baditugu guztiok zer eginak. Gero eta handiagoak zaizkigun erronkak gaineratzen ari baitzaizkigu. Eskarmentuak erakutsi digu eskolak bakarrik ezin duela eta gizarte-eragileen inplikazioa ezinbestekoa dela haur, nerabe eta gazteak euskaraz bizi daitezen. Hezkuntza ur handi eta uherretan murgilduta dabilen une honetan, jakinik, hizkuntza minorizatuen biziberritzean hiztunen aktibazioa eta elkarrenganatzea, lehenik eta behin, norbanakoen erabakiak metatzetik datozela; jakinik, era berean, euskaldun izatea (euskaraz bizitzea) oinarrian hiztunaren hautua dela, eskari garbia egin nahi dizuegu gaur Laskorain ikastolatik Tolosako agintarioi eta Galtzaundiri, baita Eusko Ikaskuntzako eta Hezkuntza saileko ordezkarioi ere: ikastoletan eta eskoletan ,oro har, bizi ditugun egiturazko gabeziei, behingoz, egiturazko irtenbide globalak ematea, batik bat, jatorri erdalduneko haur, nerabe eta gazteak euskalduntzeari dagokionez, baita familia horiek herrian integratzeari eta euskarara hurbiltzeari dagokionez ere. Haur, nerabe eta gazte horiek ez ditugu euskaldunduko haiek eskoletan orekaz taldekatzeari begirako azaleko neurriak soilik hartuta. Ezinbestean beharko ditugu euskararen aldeko hizkuntza- eta hezkuntza-politikak ezartzea, ikastoletan eta eskoletan Hizkuntza Proiektu eraginkorrak bideratzea eta herri-mailan integraziorako plangintza, estrategia eta esku-hartze globalak gauzatzea.
Esandakoak esanda, ba al dakizue zein den Laskorain ikastola osatzen dugunon ametsa?
Tolosako lehen ikastolaren mendeurren hau gogora dadila geroan, euskalduntzean gaur ditugun ajeak erremediatzea ekarri zuen halako euskaltzaleen loraldi berri baten hazitzat.
Hala gerta baledi, orduantxe, bai, “esan eta izan”.