Musukoaren erabilpenaren inguruan
Covid 19 koronabirusak eragindako osasun krisiaren ondorioz hartu diren neurriak oso gogorrak izan dira urte eta erdi honetan. Gizarte osoak pairatu ditugu askatasun murrizketak eta neurrien gogortzeak. Noski, osasunak eta elkar zaintzeak lehentasuna zuen egoera batean hartu dira erabakiak, eta, gogorrak izan arren, ezinbestekoak izan dira.
Egun, koronabirusaren eraginak behera egin du nabarmen, eta, horri esker, orain arteko neurri gogorrak malgutu ahal izan dira, eta arnasa lasai edo lasaiago hartzen hasi gara. Baina gizarte mailan, orokorrean, hartu diren neurri berriek hezkuntza munduan ez dute isla bera izan, ez bederen Hego Euskal Herrian. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak argitaratu dituzten azken dekretuetan neurri batzuk malgutu dituzten arren, Lehen Hezkuntzako ikasleak jolastokiko garaian ere musukoa erabiltzera derrigortzen dituen arauari eutsi egin diote, eta horrek kezka handia sortu digu.
Pandemiak ingurune hurbilean (familian, lagun artean) izan duen eragin zuzenak eta ikastetxeetan ezarririko protokolo zorrotzak ikasleengan izan dituzten ondorioak nabarmenak izan dira, alderdi emozionalean bezala akademikoan. Eusko Jaurlaritzak berak egindako ikerketa batek agerian utzi du "Covid efektuak" ikasleen errendimendua baldintzatu duela, eta ez onerako. Izan ere, ikasleen % 72 desmotibatuago sentitu da ikasteko, eta hiru ikasletik bik ( % 65,4) beren maila akademikoa jaitsi egin dela nabaritu dute. Aurrekari horiek aintzat hartuta, Lehen Hezkuntzako haurrei dagokienean orain arteko neurriak bere horretan uzteak ondorio horietan sakontzea ekar dezake.
Kezka handia sortu digu bereziki umeen alderdi emozionalari begira, bi arrazoi nagusirengatik: aire librean daudela musukoa erabiltzera derrigortzen dituzten kolektibo bakarra dira haur hauek; eta, gainera, musukoa erabiltzera derrigortuta dauden aire libreko eremu bakarra da eskolakoa. Hau da, sei eta hamabi urte bitarteko haurrak baztertuak senti litezke, eta, era berean, eskola eremu guztia har dezakete musukoa erabiltzera derrigortuta duten gune bakartzat. Eta ez dute arrazoi faltarik izango.
Ez diogu zentzurik ikusten haurrak kanpo espazioan dabiltzanean musukoaren erabilera derrigortzeari, are gutxiago, helduok maskararik erabili beharrik gabeko gero eta gune gehiago irabazten ari garenean. Txertorik jarri ez zaien kolektibo bakarra izateak ez du justifikatzen neurri horri eustea, gainerako guneetan ez badute derrigorrezkoa musukoa erabiltzea.
Aitiztik, uste dugu haurraren izate osoa kontuan hartuta –besteak beste bere garapen emozionala (adierazpena), soziala zein ikasteko ibilbidea–, orain arteko neurriei eusteak ekidin nahi diren kalteak baino albo-kalte gehiago eragin ditzakeela; albo-kalteak, emozionalak zein pedagogikoak/akademikoak, hilabete hauetan egindako azterlanek ohartarazten duten bezala, dagoeneko ikasle askori eragin dietenak.
Astelehen honetatik, Ipar Euskal Herrian, Europako herrialde gehienetan bezala, 6-12 urteko haurrak musukorik jarri gabe dabiltza ikastetxeetan, jolastokian bezala gelan. Ez dugu uste arduragabekeriaz harturiko erabakia izan denik. Aitzitik, pentsatzen dugu haurren ongizateari erantzuten dion neurria dela.
Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen diegu gizartean eta eskolan bertan gainerako kolektiboei ezarririko irizpide berak erabiltzeko Lehen Hezkuntzako haurren kasuan ere, eta ikastetxeetako aire libreko guneetan musukoa erabiltzeko derrigortasuna bertan behera uzteko.
Euskal Herriko Ikastolen Elkartea