Urmaela martxan
Ikasturte honetan Amarotzeko Baso Eskola indarrean jarri dugu, eta astero Haur eta Lehen Hezkuntzako taldeak gerturatzen dira bertara. Orain, beste urrats bat gehiago eman dugu, eta Aranzadiko eta Udaletxekoen laguntzarekin Urmael bat sortu dugu bertan.
Urmaelak biodibertsitatearen iturri dira, baina era berean, funtzio interesgarria bete dezakete dibulgazio eta hezkuntza mailan. Izan ere, urmaelak hezkuntzan ekosistema baten modelo batean bilakatu daitezke, funtzionamendu ekologikoaren inguruko kontaktu zuzena ahalbidetzen duten ikerketa eta behaketa jarduera ezberdinak egiteko. Hau da, ikasleentzako laborategi natural erakargarriak izan daitezke, hainbat eduki eta konpetentzia lantzeko gune egokiak. Nahiz eta tamaina txikikoak izan, ekosistema baten egitura eta funtzio guztiak barne biltzen ditu: segida ekologikoak aztertu daitezke, espezieen arteko harremanak, biodibertsitatea eta honetarako kontserbazio estrategiak lantzea ahalbidetzen du era berean.
Hezkuntzan urmael edo putzuek izan dezaketen erabilera dela eta, azken urteetan Aranzadi Zientzia Elkarteak hezeguneak sortu edo egokitzeko lanak egin ditu. Horietan izandako esperientziek eta buruturiko proiektuek urmaelen inguruan sorturiko hainbat jarduera eta unitate didaktiko ekarri dituzte atzetik, eta horren ondorioz Aranzadiko lagunekin hartuemanetan jarri gara, eta gaur goizean auzolanean aritu dira 12 urteko ikasleak.
Lehenengo zatian sorgin-horratzen eta burruntzien mundu miresgarria ezagutu dugu. Bigarren zatian, berriz, lokatzetan gustora aritu gara elkarlanean, eremua eraiki eta landareak landatuz.
Urmaela herritar guztien gozamenerako izango denez, Aranzadiko adituek bisita gidatua antolatuko dute, ekainaren 2an, asteazkenean, arratsaldeko 18:00etan. Ordubeteko iraupena izango du eta izena emateko 688 727 983 telefonora edo tolosakoingurumenzentroa@gmail.com helbidera bidali behar da emaila.