Pantxis Bidart musikaria

Musikariak ikastetxeetan programaren harira, Pantxix Bidart musikari lapurtarra Laskorain Ikastolan izan genuen maiatzaren 10ean. Hazparneko musikariaren ibilbidea eta bere sortze prozesua gertutik ezagutzeko aukera izan zuten saioan izan ziren DBHko ikasleek. Hazpandarrak sortutako kantuak ez ezik, euskal kantutegian oso ezagunak diren kantuak ere abestu zituen: Martxa baten lehen notak eta Martin Larralde, esaterako. 

Aukera bikaina izan da DBH 2ko Musika eta Sorkuntza ikasgaian lantzen diren zenbait gairi errepasoa emateko; maila horretan lantzen baitira euskal kantagintza berriaren sorrera, euskal rock-and-rolla, folkaren loraldia, RRV (Rock Radical Vasco) deiturikoaren eztanda, trikitiaren baserritik kalerako jauzia, 90eko hamarkadako oparotasuna, edo XXI. mendeko kantagintza, besteak beste.