Heldutasun teknologikoa
IKTen alorreko heldutasun-eredua euskal eskolen teknologia modernizatzeko planteamendu bezela sortu zen, baita irakaskuntzan metodologia aldatu zedin eta irakaste-, administrazio-, informazio- eta komunikazio-prozesuak digitalizatu zitezen.
Gure ikastolari dagokionez, makina bat ahalegin egin dugu eguneroko jarduna modernizatzeko bidean, azken urteotan. Saiakera horretan, pausu bat gehiago eman nahi izan dugu eta heldutasun-ereduaren ziurtagiria lortzeko prozesua abian jarri genuen. Pasa den astean jaso genuen aurtengo deialdiaren ebazpena: Laskorain Ikastolak maila aurreratua lortu du! Baina, zer esan nahi du horrek? Bada, hori arautzen duen dekretuak halaxe dio:
Maila aurreratua «ikastetxea birtualizatzea»: maila honetan, irakaskuntza, kudeaketa, administrazio eta komunikazioko prozesu guztietan erabiliko dira IKTak. Ikastetxeak, bere proiektuaren barruan eta duen autonomia erabiliz, aurreikusi egingo du langile guztiek IKTak orokorrean erabiltzea, eta erabili ere aipatutako prozesu horietan guztietan. Ikastetxeak hezkuntza-plataforma du, hezkuntza-komunitateko gainerako eragileekin etengabe eta noranzko bietan komunikatzeko.
Honenbestez, azken hilabeteotan sortu den anabasaren ondotik, ikasturtea pozik amaitzeko beste arrazoi bat ere badugu. Zorionak horretan buru-belarri aritu zareten guztiei eta beste langile guztiei, baita ere!