Urte askotarako Xabiertxo!

XABIERTXOk laurogeita hamar urte beteko ditu 2015ean. Euskaraz irakurtzen ikasteko XX. mendeko libururik garrantzitsuena da, zalantzarik gabe. Haur-irakurketako entziklopedia txiki hori ondoz ondoko hainbat gazte-belaunaldik erabili izan dute berrogeita hamar urtean baino gehiagoan, aurreko gizaldiko hogeiko urteetako hamarkadatik hirurogeita hamar urteetako amaiera arte. 

Gainera, nazioarteko aitorpena ere badauka, haur-liburuen ohorezko zerrendan txertatu zutenetik; hain zuzen ere, Nazio Batuen Haurren Nazioarteko Urtean eman zioten aitorpen hori (1979). 

Baina, zalantzarik gabe, XABIERTXOk daukan aitorpenik handiena hainbat belaunalditako euskaldunen maitasuna da, Ixaka Lopez Mendizabalen lanaren bidez ikasi baitute irakurtzen eta mundua ikusten, John Zabalo Ballarín Txikiren irudi grafikoarekin. 

XABIERTXO beharrizan baten ondorioz munduratu zen: euskaraz ikasteko irakaskuntzako eta prestakuntzako materialak, alegia, euskara irakaskuntzako hizkuntza izatera iritsi zen unean, hain zuzen. 

Euskal kultur berpizkundearen, Euskal Pizkundearen, seme da. Liburuaren jaiotze-data ere ez da kasualitatea: hogeiko urteak. Eta liburu horren historia, hortik aurrera, Euskal Herriaren, euskararen herriaren, historiarekin mimetizatzen da ondoz ondoko neska-mutil belaunaldien lehen irakurketetarako erabili zen mende-erdian baino gehiagoan.  

EITBk egin duen dokumentala ikusteko, klikatu HEMEN.

Xabiertxori buruz egin duten erakusketaren webgunera joateko, berriz, klikatu HEMEN.

URTE ASKOTARAKO, XABIERTXO! ETA GURE ESKERRIK BEROENAK EGILEEI, IXAKA LOPEZ-MENDIZABAL ETA JOHN ZABALO BALLARINI!