Erasmus+

2020/2023 aldia

2020ko irailean ekin diogu Erasmus+ programak finantzatutako “Remembering the Past for a Common Future” (iraganari erreparatuz, etorkizuna eraiki) proiektuari.  Europako 6 ikastetxek hartuko dugu parte egitasmo honetan eta lehen aldiz egingo dugu lan horietako 5ekin, izan ere, Hasselteko ikastetxearekin hainbat urtez aritu gara 2014az geroztik, arestian aipatutako Erasmus+ proiektuarekin hasi eta trukeekin jarraitu baitugu, gaur arte.

Esan bezala, 6 herrialdetako ikastetxe banak osatuko dugu lan-taldea:

  • Mysen videregående skole. Mysen, Norvegia.

  • Parler Gymnasium. Schwäbisch Gmünd, Alemania.

  • Humaniora Kindsheid Jesu. Hasselt, Belgika.

  • Liceum Ogólnokształcące im. ks. Piotra Skargi w Sędziszowie Małopolskim. Sędziszów Małopolski, Polonia.

  • Liceul Teoretic Nicolae Bălcescu Medgidia. Medgidia, Errumania

  • Laskorain Ikastola. Tolosa, Euskal Herria.

Aipatu proiektua Europar Batasunak finantzatuko du eta 2023ra arte iraungo du. Batez ere, Batxilergo lehen mailako ikasleek izango dute parada zuzen-zuzenean aukera honetaz gozatzeko, Historiako eta Ingeleseko klaseak baliatuko baitituzte horretan lanean aritzeko eta, beraz, beste herrialdeetara bidaiatzeko, egindakoa erakustera. Ondo bidean, ondorioz, ikastolan landutakoa beste ikastetxeetako ikasleekin partekatuko dute egingo ditugun bidaietan.

Historian zehar gerren ondorioz eman diren giza-eskubideen urraketa ikertzea da proiektu honen xedea. Horretarako, gerren ondorioz sortutako migrazio masiboak aztergai izango ditugu, besteak beste. Lan honen abiapuntua Espainiako Gerra Zibilak eragindako euskal errefuxiatuen egoera eta euskaldun gizarteak pairatutako errepresioa izango da. Horrekin alderatuz, egun gerra egoeratik ihesi gure mugetara iristen diren pertsonen testigantzak ere hizpide izango dira lana garatzeko.

 

Ikus hemen proiektuaren BLOGa eta Belgikako bidaiaren berria.

 

--

2015/2017 aldia

 

HIZKUNTZA GUTXITUAK, BIDAI LAGUN ONAK (MINORITY LANGUAGES, GOOD TRAVELLING COMPANIONS)

 

 

 

PARTAIDEAK:

Hiru eskolek hartu dugu parte proiektu honetan: Laskorain Ikastolak koordinatzaile lanak egin ditu eta Flandriako Humaniora Kindsheid Jesu eta Sardiniako Istituto di Istruzione Superiore San Giuseppe Calasanzio izan ditu kide. 435 ikaslek aktiboki parte hartu badute ere,  onura zabalagoa izan da hiru erakundeetan.

Elkartze estrategiko hau hiru eskolek hizkuntza gutxituekiko erakutsitako interesean oinarritzen da. Batetik, Laskorainek euskararen normalizaziorako egindako lana eta esperientzia zuen eskaintzeko, eta bestetik,gure ikasleen ingelesa eta gaitasun digitalak hobetzen lagunduko ziguten erakundeen bila genbiltzan. Sardiniarra hizkuntza gutxitua da, euskara bezala, baina ez da oraindik hizkuntza akademikoa izatera iritsi. San Giuseppe Calasanzioren helburua Sardiniako lehen eskola elebiduna izatea da. Bestalde, Belgika oso herrialde interesgarria da hizkuntzei dagokienez: Iparraldean, flandestarra da hizkuntza ofiziala; hegoaldean frantsesa eta ekialdean alemana. Baina ez da beti horrela izan, beraz oso interesgarria iruditzen zitzaigun lehen eskutik Flandestar hizkuntzaren loratze prozesua ezagutzea.

Gure proiektuan IKT tresna kolaboratzaileak erabili ditugu soilik, erabat beharrezkoa iruditzen baitzaigu gure ikasleen eta irakasleen konpetentzia digitalak indartzea.  

HELBURUAK:

  1. Gure ikasleen ingeles konpetentzia hobetzea, ingelesa helburu praktiko eta komunikatiboarekin erabiltzeko aukerak diseinatuz.

  2. IKT tresnak sortu eta erabiltzea atzerriko partaideekin lan egiteko.

  3. Europan dauden beste hizkuntza gutxituen berri izatea

  4. Hizkuntza gutxituaren erabilera sustatzea hiru herrialdeetan, gure esperientziak partekatuz eta euskaraz, flandeseraz ala sardinieraz bizi daitekeela elkarri erakutsiz.

 

JARDUEREN LABURPENA:

a) Proiektua irudikatzeko logo lehiaketa antolatu genuen.

b) Ikasleek atzerritar kideentzat aurkezpenak prestatu zituzten.

c) Hizkuntza gutxituen inguruan zekitena jakiteko galdeketak diseinatu genituen batxilergoko ikasleentzat.

d)Hizkuntza gutxituen inguruko ikerketa lana egin zuten eta ikasle talde batek munduko hizkuntza gutxituei buruzko irratsaioak prestatu zituzten ingelesez.

e) Atzerrira bidaiatu zuten ikasleek galdeketa egin zien hango familiei, beraien hizkuntza gutxituarekiko interesa eta erabilera neurtzeko.

f) Euskaraz, flandeseraz eta sardinieraz konposatutako abesti ezagunak abestu eta grabazioa lau hizkuntzetan azpititulatu genuen ingelesa giltza bezala erabiliaz.  

g) Hiru herrialdeetan ingelesa dakien edozein bidaiarik erabil dezakeen gida eleanitza sortu dugu hiru eskolen artean: horrela esamolde bakoitza ingelesez, euskaraz, sardinieraz eta flandeseraz itzuli eta grabatu dugu, ahoskerari ere garrantzia emanez .

ELKARTRUKEAK:

Lehen batxilergoko ikasle talde bat Hasselten (Flandesen) egon zen 2016ko apirilean eta beste talde bat Sanlurin (Sardinian) 2017ko martxoan. Eta 2016ko urrian sardiniarrak eta flandestarrak izan genituen gure artean Tolosan. Esperientzia ezin hobea izan da.

 

PROIEKTUAREN HEDAPENA

Gure lan guztia proiektuko webgunean argitaratzeaz gain, hainbat ekintza egin ditugu hiru lurraldeetan proiektuaren berri eman eta zabaltzeko. Laskorainen kasuan, Atariak, 28 kanalak, Ikastola aldizkariak, eta Ikastolako leihoak proiektuaren berri eman dute sarritan.