Erasmus + abian

Erasmus+ abian, beste behin

Batxiko ikasleak Polonian daude

Azken aste honetan zehar ikastolako hainbat ikasle eta irakasle Polonian izan dira bidaian, Erasmus + proiektuaren baitan. Laskorain Ikastolak Europako beste 5 eskolarekin elkarlanean (Belgika, Norbegia, Errumania, Alemania, Polonia) ondu du "Remembering the past for a common future" proiektua, herrialde hauetan iraganean jazotako eskubide urraketak ardatz hartuta, eta hauxe izan da proiektuko bigarren ikasle-trukea.

Sędziszów Małopolski-ko (Polonia) "Liceum Ogólnokształcące" eskolari egokitu zaizkio oraingo honetan anfitrioi lanak. Poloniaren ekialdean dago hiri hau, Ukrainatik 130 km-ra, eta bertako familien etxeetan hartu dute ikasleek ostatu. Gerraren gertutasunak iraganeko eskubide urraketen eta errefuxiatuen bueltan ibili behar zuen proiektua egunerokotasunez zipriztintzea ekarri du nahita ez.

Hala, Laskoraingo delegazioak lehen lerrotik ezagutu ahal izan du Sędziszów Małopolski-ko hiritarrek eta berau aurkitzen den eskualdeak gerratik ihesi zetozen haiei eginiko harrera eta emandako laguntza. Autoritateekin eginiko topaketa guztietako leit motiva izan da Ukrainako gerra. Hiriko Kaputxinoen Monastegira eginiko bisitan bertan babestuta dauden zenbait ukrainarren egoera ezagutu ahal izan zuten; baita errefuxiatuek ostatu hartu duten bestelako eraikin publikoetan ere (Ropczyce hiriko Powiatowe zentru kulturalean, esaterako).

Europako puntu desberdinetako ikasleen arteko elkar ezagutza denetariko bisita eta ekintza kulturalen eskutik joan da: dantza tailerrak, picnic-ak, Galitzia eskualdeko hiri historikoetara bisitak (Rzeszów),... eta ostegunean amaitu zuten egonaldia, Auschwitzeko kontzentrazio esparrua eta Krakoviako alde zaharra eta auzo judutarra ezagututa. Proiektuak ez du etenik, ordea, irailaren azken astean zehar Laskoraingo ordezkariek Alemaniara bidaiatuko baitute, bidaia berri batean.