Portugal, Turkia eta Italiako

Aurten ere, DBH 4. mailako “IKTak ingelesez” ikasgaia hautatu duten ikasleak eTwinning proiektu batean parte hartzen ari dira. E-Twinning Erasmus+ programaren atala da, Europar Batasunak hezkuntza, prestakuntza, gazteria eta kirolerako duena alegia. Bere helburua eTwinning-en parte hartzen duten herrietako irakasle-ikasleen arteko ideia trukea eta lankidetza sustatzea da eta  IKTen bidez harremanak erraztea. 

Aurten Portugal, Turkia eta Italiako ikastetxe batzuen partaidetza lortu dugu “Worried teenagers, hope for the future” ( nerabeen kezka, biharko itxaropena) proiektua aurrera eramateko. Denera 89 ikasle eta 4 irakasle ari gara lanean. Ikasleek proiekturako hainbat gai aukeratu dute, hala nola, COVID 19 pandemia, klima aldaketa, LGBTQI+ fobia, arrazakeria, emakumeen aurkako indarkeria eta sexismoa, besteak beste.

Etwinning-ek gure eskura Twinspace gunea jartzen du, proiektuan dauden irakasle eta ikasleek bakarrik erabil dezaten eta ikasleen segurtasun digitala bermatzeko. Gune horretako eztabaida foroetan parte hartu dugu, ikastetxe bakoitzeko aurkezpen bideoak zintzilikatu ditugu, proiektuko logo lehiaketa eta bozketa antolatu eta aurkitu dituzten albiste kezkagarriak bildu eta partekatuz. Hau guztia nazioarteko talde txikitan egin dugu.

Hau da proiektua islatzeko aukeratu dugun logoa:

Elkarlana eraginkorragoa izan dadin eta aurrez aurreko harremana errazteko asmoz, datorren asterako bideodeiak antolatu ditugu. Eurekin hitz egiteko irrikitan gaude!